2014(e)ko otsailaren 17(a), astelehena

ALAITZ ARTOLA: Zikoina, txantxangorria eta birigarroa

ZIKOINA, TXANTXANGORRIA ETA BIRIGARROA

Apirileko egun lasai batez, zikoina, bere urteroko txokora iritsi zen. Zikoina, igo zen kanpandorre gainean zeukan habiara eta lasai etzan zen paisaiari begira, egindako ibilbide luzearen ondoren, nekaturik baitzegoen. Ortzi-mugako mendiei begira zegoela, oharkabean, kanpandorre ondoko zuhaitz zaharreko zirrikitu batean txantxangorri bat pausatu zen, bere habia prestatzeko asmoz. Txantxangorri lirain hura, dotorea zen benetan, bere papar gorri eta guzti. Oso saiatua zen, gainera. Ikusi egin behar zen zer nolako trebeziaz eraiki zuen bere habia, azkar gainera!
Txantxangorri hura inoiz ikusi ez zuenez habia prestatzen, hala esan zion:
-Aizu, txantxangorri! Zure lehenengo aldia izango da habia prestatzen duzuna, ezta?
-Bai, hala da. Leku egokia aurkitzen saiatu naiz eta hau asko gustatu zait. Toki apala eta atsegina da.
-Bai, arrazoi duzu, baina kontuz ibili behar duzu kukuarekin, urtero gerturatzen da inguru hauetara eta!
-Eta? Zergatik izan behar diot beldurra kukuari?
-Kukua oso alperra da, eta bizkorra! Tentuz ibiltzen ez den edonoren habian jartzen ditu bere arrautzak eta han daudenak lurrera bota! Batere lanik egin gabe eta “ku-ku,ku-ku” hara eta hona ibili ondoren bere kumeak aurrera ateratzen dira txori koitaduari esker.
-A, bai? Saiatuko naiz horrelakorik gerta ez dakidan! Bai horixe! Eta eskerrik asko zure aholkuarengatik!
Berriketaldi hura amaitu eta laster non agertu zen, birigarro pinpirin eta saltari bat mokoan adartxo bat zuela! Hark ere asmo berdinak zituen, nonbait! Haritz eder bateko okil-zulo abandonatu batean egitea erabaki zuen bere kumeen etxetxoa izango zena.
Konturatu bezain laster, txantxangorria etorri zitzaion berria ematera:
-Aizu, kontuz ibili behar dugu! Zikoinak esan didanez, urtero etortzen omen da kuku zahar eta maltzur bat gure kontura kumeak aurrera atera nahirik. Ibil zaitez tentuz, ondo zaindu beharko ditugu geure habiak hemendik aurrera!

Birigarroak, gaztea ez ezik, txoriburu samarra zenez, ez zion garrantzirik eman txantxangorriak esandakoari eta honela erantzun zion:
-Kuku zahar hori agertzen bada, nire atzaparrekin bidaliko dut! Jajajaja!

Errun zituzten arrautzak, eta txantxangorria gogoz ari zen saiatzen dena ondo atera zedin, begirik kendu gabe bere habiari. Mokadutxoa egiteko habia uzten zuenean ere, ez zen urrunegi joaten badaezpada. Birigarroa, aldiz, lasai ibiltzen zen hara eta hona, burugabe!

Astebete igarotzerako, etorri zen kuku zaharra. Hasieran, urruti samar entzuten ziren kukuaren kantu hotsak, baina geroz eta ozenago eta garbiago entzuten hasi ziren.
Egun batean, txantxangorriak inguru haietan sumatu zuen kukua. Ez zuen oharkabean harrapatu txantxangorria, baina bai birigarroa, heldu zenean habiatik kanpo baitzen. Kukuak ez zuen denborarik galdu eta birigarroaren arrautza bat habiatik atera ondoren berea jarri zuen bertan. Hegan alde egin zuen birigarroa etortzerako.
Birigarroa etorri zenean, txantxangorriak gertatutakoa kontatu zion, baina birigarro axolagabeak ez zion oraingoan ere kasurik egin eta berean jarraitu zuen.
-Zergatik esaten didazu hau, nire arrautzak zureak baina handiagoak eta ederragoak direlako? Jajajaja! Inbidia didazu, ezta?
Denbora gehiegi ematen zuen bere buruari begira eta bere gutiziak betetzen.
Bere denbora egin eta arrautzak pitzatzen hasi ziren. Hiru txantxangorri-kume jaio ziren kabi batean. Bestean, bi birigarro. Ondorengo egunean, falta zen arrautza kraskatu eta kuku-kume bat jaio zen. Besteak baino handiagoa zen, noski, eta bi birigarro txikiak habiatik bota zituen berehala.

Birigarro ama etorri zenean, kume bakarrarekin egin zuen topo, kukuarekin. Baina berea zelakoan jana eman eta eman aritu zitzaion, hau ere galdu nahi ez zuelako, besteei zer gertatu ote zitzaien pentsatuz, harriturik eta triste.

Hurrengo egunean berriro ere txantxangorriarekin hitz egin zuen eta honek, guzti guztia argitu zion. Zikoinak guztia baieztatu zion burua gora eta behera mugituz. Horrela konturatu zen gertatutakoaz eta bere jokaeraren ondorioez.
-Arrazoia zenuen, lagun! Ez nizun kasurik egin, baina zin degizut hemendik aurrera arduratsuagoa eta langileagoa izango naizela. Hurrenarte! Ondo segi!

Eta zikoinak eta txantxangorriak birigarroa agurtu eta hegan nola alde egin zuen ikusi zuten.

Izan arduratsu betebeharrekiko eta kasu egin lagun onen aholkuei”

Egilea: Alaitz Artola Ormazabal
1.B


1 iruzkin:

  1. Alegia hau ongi deskribatuta egon arren, luzeegia iruditu zait. Pertsonaiak egokiak dira eta ikaskizuna ere gustatu zait.

    Ane Esnaola

    ErantzunEzabatu